Posts tagged: gizartea

HARRIAK ZUR ETA LUR

By , 2012(e)ko azaroak 10 17:41

Zurak, itxuraz, tinko eta geldirik dagoen elementua dirudi; dirauen tokian eternitatetik bertatik egon balitz bezala. Baina lehen begirada horrek, ezkutuan, bizia darion izakia gordetzen du; bere zainetan hazten, bizirauten eta hiltzen dena: bizirik dagoena.

Lurrak ere, lehen ikustaldian, ez dirudi gauza irmo eta geldoa besterik, inertea; eternitatetik bertatik ez, baizik eta eternitatea bera balitz bezala. Baina honek ere, zurak bezala, bizitzaren arima bera ezkutatzen du; berau bere baitan hartzen, eskaintzen, eusten duena: sortzen duena.

Bada, geure munduak, ez zur ez lur, harrizkoa dirudi. Zainik gabe eta iragazgaitz, ez du bizia sentitzen; ez ditu bere gorabeherak sufritzen, ez eta gozatzen ere. Munduarenganako axolagabekerian ez du zirkinik ere egiten: bizitzak ez du harritzen, ezta heriotzak ere. Eta geu, harrizko mundukook, harri bilakatu gara; ez zur ez lur, bizitza sentitzeko ezgai.

Harri bizigabeak bihurtu gara harritzeko gai ez den harrizko mundu honetan, eta horrek uzten du bizia zur eta lur.

Itxuraz pentsakor, benetan harri soil

Oharra: harrizko munduaren ahanztura pairatzen dutenei eskainia.

LELOKRAZIA

By , 2012(e)ko urriak 25 0:01

Ez dezala inork oker ulertu, ez dut sasi-jakintsuaren itxura eman nahi, gainontzekoak ergelak direla esanaz; ez baitira gauza bera munduan zehar barreiatuta dauden lelo andana eta geure ahoetatik atera ohi direnak, nahiz eta egia den leloek leloen ahoetan dantza egiteko arintasuna badutela.

Aitzitik, demokraziaren jaiak sorrarazten duen asaldura apaldu ondoren, pentsatzera iritsi naizena da leloen -ergelen- gizartea baino, daukaguna dela lelo -”slogan” nahi baduzu, hizkera moderno eta errazean- ponpoxoetan oinarritutako demokrazia bat, eta hori dela, hain zuzen ere, geu lelotzen gaituena.

Izan ere, bakarrizketa amaigabeek eta, datu eta informazio pilaketa diren ingude astunek asperraldia eragiten digute; egitasmo ulertezin eta eztabaida korapilatsuek, berriz, alferkeria. Gainera, guztiek gure denbora preziatua galtzea besterik ez dakarkigute.

Horrela, XXI. mendeak exijitzen digun lelo azkarreko arrazoibide murriztua lehenetsi dugu; arrazoitzeko gaitasuna leloaren tamainaren adinakoa egin dugu. Hausnarketa pausatu eta luzeak sortzen dituen kontraesan, arazo eta denbora galtzeen aurrean, leloa nahiago: egia borobilekoa, laburra eta azkarra.

Adibideren bat jartzearren, eta inork ez diezadan leporatu abstrakzioetan galdu izana, hondakinen gaian ageri da bat oso paradigmatikoa: Birziklapena bai, atez atekorik ez. Argia, laburra eta azkarra; eta nola ez, politikoki oso zuzena, ekologista baita!

Ahotik halakoa bota bezain laster, amaitu dira buruhausteak, amaitu dira eztabaidak, kitto. Batek jarrai dezake, gizarteari bere ekarpena egin izanaren ziurtasun osoz, bere bizitzaren erritmo biziarekin lasai.

Baina, era berean, ahotik halakoa bota bezain laster, amaitu dira zentzutasuna eta amaitu dira arrazoinamenduak; ez izan zalantza izpirik, lelokrazian arrazoiarenak egin du.

BOTEREAZ… EDO OTSOAK JATEN DUELA ARDIA, EZ ALDERANTZIZ

By , 2012(e)ko ekainak 28 23:21

Artaldeak artzainek zaindu ohi dituzte. Mendietako larreetan barrena gidatzen dituzte artzain-zakurraren laguntzarekin. Batetik bestera eramaten dituzte bazka dezaten eta, gero, umaldia iristen denean, kume berriak sortzen dira eta ardiek esnea ematen dute. Hortxe dago artzainaren ogibidea: ardien haragiaz eta berauek ematen duten esneaz bizi da; geroa ziurtatuko dioten belaunaldi berriak sortuz, bizitzaren eta heriotzaren arteko harreman amaigabearekin jolasean.

Otso-taldeek ordea, ez dute artzainik eta, ez dituzte belardiak bilatzen umatu eta esnea ekoiztu ahal izateko; artaldeak erasotzen dituzte ehizaki bila. Otsoek ere ibili behar dute bizitzaren eta heriotzaren arteko harremanarekin jolasean. Baina artzain faltan, beren kabuz gobernatu behar dituzte beren buruak, baita taldearen geroa ere.

Baina artaldeak otsoen arriskuaz jabetu gabe bizi ohi dira, zelaietan bazkatzen lasai-lasai, nagusiaren eta honen laguntzailearen begiradapean. Haiek zaintzen dituzte, ez dute arduratu beharrik. Horrek otsoei egoera asko zailtzen die, bereak eta bi pasa ohi dituzte jatekoa lortzeko ahaleginetan, bizia bera arriskatuz hainbatetan.

Kontua da batzuetan artaldea bakarrik geratzen dela, artzainek beste betebehar batzuk baitituzte; azken batean, artzainarentzat ogia lortzeko bidea besterik ez da artaldea. Eta halakoetan otsoek pagotxa probestu ohi dute; ongi baitakite ardiak, jaberik gabe, noraezean eta galdurik ibiltzen direla, defentsa mekanismorik gabe. Belarra jan eta ezer gutxi gehiago dakite egiten, gainontzekoa ez baita haien eginkizuna.

Horrela, otsoek ez diote aukerari joaten uzten, ez baita beren ogibidea bakarrik, bizibidea da: ongi dakite, haiek erne ez badabiltza, ez zaiela inor etorriko tripa-zorriak isilarazteko ogi kozkorrik ematera.

Eta zeuek, aukeran, zeinetakoa nahiago?

(Ahari bati entzuna)

Aharia pentsakor: “Aukeratzerik banu…”


MODERNOA NAIZ ETA HARRO NAGO!

By , 2012(e)ko maiatzak 23 1:40

Harro nago, gatazkak kolpeka konpondu ordez, botoi gorriak sakatuz konpontzen ditudalako; gutxirekin nolabaiteko bakean bizi ordez, askorekin etengabeko lehia eta borrokan bizi naizelako; behar dudanarekin bizi ordez, behar ez ditudan gauzez gainezka bizi naizelako; eta premiak asetu ordez, behar ez ditudan premiak sortuz asetzen naizelako.

Harro nago, ura edaten dudan bakoitzean, pitxerra berriro bete ordez, zaborrontzia plastikozko botilez betetzen dudalako; gure ibaietako urak, edan ordez, plastikozko botilak egiteko zikintzen ditudalako; gure iturrietako ur zikinduak edan ordez, plastikozko botiletako ur miragarri garbiak edaten ditudalako; eta natur-gune pribilegiatu gutxi batzuk, ustiatu ordez, plastikozko botilez zikindu gabeko errekak ikusteko babesten ditudalako.

Harro nago, bizilagunekin auzolanean ibili ordez, munduaren beste muturrean borondatezko lanetan aritzen naizelako; nire ardurak, neure gain hartu ordez, jauntxo profesionalizatuen esku adituetan uzten ditudalako; herriko jauntxo xaloen aurka matxinatu ordez, diktadore mediatiko maltzurren kontrako sinadurak biltzen ditudalako; eta borrokalari baketsua izan ordez, bakezalekeria inozoaren defendatzaile amorratua naizelako.

Bai, modernoa naiz eta harro nago!

Baina, erne! Ez al gara jadanik post-modernitatean bizi? Zer ote da hori? Modernoa baino modernoagoa izatea? Edo… post-modernoa izatea, ez ote da izango modernoa izatea eta, gainera, horretaz harro egotea? Baliteke…

Orduan, post-modernoa naiz… eta harro nago!?

KEXATIEN GIZARTEAN

By , 2012(e)ko maiatzak 12 1:33

Aurreko batean, sutan jarri ninduen interneteko foro batean gertatutako pasadizo batek; euskaldunok kalean, lagunartean edota beste hainbat tokitan sarritan bizi izaten ditugun horietako batek. Oroitzen ez dudan web orri bateko foro bat zen, eta bertan, euskaldunak ari ziren euskaldunoi buruz -gure gaitzei buruz, zein arraroa!- hizketan, euskaraz. Halako batean, erdaldun -probokatzaile- batek bere diskurtso doilorra askatu zuen eta, bat-batean, euskaldun amorratu mordoa hasi zen kexa eta kexa, agian arrazoi osoz, baina erdaraz!

Ez al da paradoxikoa? Erdaraz aritzeagatik erdaraz kexaka. Noizko ahaztuko ditugu konplexuak? Beren jokoan sartzen gara eta nahi dutena lortzen dute, alegia, euskara balio gutxiko gauza bilakatzea, erraz alboratzekoa. Ez al dira haiek ulertzen ez dutenak? Zergatik sentitu geuk amorrua eta haserrea, haiek beharko luketenean sentitu jakin-mina edo lotsa? Euskaraz ez jakiteak sentiarazi beharko lieke zerbait -eztabaida, ezagutza…- galtzen dutela, eta horren ordez, harro sentitzen dira guztiek euskara baztertzea eta eztabaidarekin amaitzea lortu dutelako. Baina hori bai, euskaldunok kexa eta kexa, ez zaigu falta sekulako aldarrikapen politikoak botatzeko gaitasunik.

Kea belarrietatik zeridala, eta gertaera hori aitzakiatzat hartuta, gogora etorri zaizkit gure jendarteak jaso izan dituen izendapen ezberdinak -hala nola, “Informazioaren gizartea”, “Ezagutzaren gizartea”, “Kontsumo-gizartea”, “Arriskuaren gizartea”, eta abar luze bat-, eta beste izendapen bat otu zait: “Kexatien gizartea”. Iruditzen baitzait izendapen egokia izan daitekeela bizi dugun errealitatea deskribatzeko.

Izan ere, beti gabiltza kexaka: politikariak direla, sindikatuak direla, bankariak direla, enpresariak direla, gazteak direla, kapitalismoa dela, kontsumismoa dela, pobrezia dela, kutsadura dela… Amaigabea litzateke zerrenda, eta beti berdin, marmarka.

Eta argi gera dadila! Ni ez noa inori leziorik ematera, ezta soluzio magikoak proposatzera ere. Artikulu hau uler dadila autokritika gisan. Baina ez al zaudete eztarria urratzeaz nekatuta? Argi baitago kexatze hutsarekin ezer gutxi lortzen dela.

Azken batean, beti gaude defentsiban, kexaka, ea norbaitek konpontzen digun arazoa. Eta kexatzea ez dago gaizki, baina behin kexatuta, konponbideak bilatu behar dira. Ekintza erreaktibotik proaktibora igaro beharra dago -zein hitz “potoloak”-. Baina badirudi nahiago dugula dena bere horretan utzi, eta errealitateari bizkar emanez bizi; kexatu eta, bizimodua -jarrerak, jokaerak, pentsaerak- ez aldatzearren, bestaldera begiratu. Hori bai, erosoagoa bada.

Bukatzeko, argi pixka bat tunelean: badira errealitate berriak eraikitzeko ahaleginetan daudenak ere. Euskarari dagokionez, esaterako, Zuzeu aldizkarian ikusi ahal izan ditut jarrera berriak, konplexurik gabeak eta norberaren esku daudenak -eta beraz, erraz gauzatzekoak-; hain zuzen ere, betiko jarrera zaharkituez nazkatuta, artikulu hau idaztera animatu nintzenean, kasualitatea! Beste adibide bat Basherriak ekimena da, kexa eta aldarrikapenetatik haratago, kontsumo-bide berriak jorratuz dabilena. Eta azkenik, ez dut aipatu gabe utzi nahi Munduari so blogean ikusi berri dudan hitzaldia; oso interesgarria. Pako Aristirena da eta, funtsean, gai bera darabil bere ahotan, hau da, kexatu ala sortu.

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu