Posts tagged: ETB

BOST PROPOSAMEN ETB-RENTZAT

By , 2012(e)ko azaroak 24 20:38

Izenburuan orain hilabete batzuk EITBko hainbat langilek abiatutako ekimenari erreferentzia eginez, neure propioa gaineratu nahi nieke azkenaldian euskal telebista publikoaren inguruan egiten ari diren eztabaida eta hausnarketei. Izan ere, kontu berria ez den arren, azken gertakari batzuek askoren baitan lo zegoen harra esnarazi dute; besteak beste, gobernu aldaketak eta Soziolinguistika Klusterraren azken emaitzek.

Ezer baino lehen, onartu behar dut ez naizela gaian aditua, baina badut -gehiengoaren gisara- errealitatea aztertu eta bere gainean hausnartzeko gaitasun apur bat -nire ondorioak okerrak diren ala ez, beste kontu bat da-. Horregatik, proposamen zehatz batzuk egitera ausartu naiz; xume-xumeak, baina argiak eta eginerrazak.

  1. Euskaldunak euskaraz egitera bultzatzea, baita gaztelaniazko saioetan ere; kasu horretan azpitituluak jarriz. Horrelako pausu txiki batek nabarmen zabalduko luke euskararen presentzia, eta erdaldunen aurrean ageriko errealitate bilakatuko. Ez dut uste azpititulatzeko jende prestaturik falta denik ETBn. Baina ez dakit den utzikeria, mespretxua edota asmo txar erabatekoa; hain zuzen ere, guztiz aurkakoa baita egiten dutena: euskaldunak gaztelaniaz egitera behartzen dituzte, euskara erdaldunentzat erabat ikusezin eginez, hutsal. Eta are urrunago joan dira azkenaldian, euskarazko katean bertan gaztelania lehenetsiz. Zaindu! saioa horren erakusle; antza, euskaldunok ez ditugu bihotzekoak jasaten. 

  2. Etxeko ekoizpenetan euskarazkoak lehenestea. Luze eta zabal hitz egin liteke honen inguruan, eta datu zehatzak izan gabe (aurrekontuak, ekoizleak…) ur handiegitan sar ninteke. Baina burura datorkidana eta Berriako mahai-inguruan ere aipatua izan zena da El Conquistador del Fin del Mundo saioa. Izan ere, ikuslegoarengatik zein parte-hartzaileengatik esango nuke neurri handi batean publiko euskalduna duela; beraz, sobera bideragarria litzateke berau euskaraz egitea eta, gainera, duen arrakasta ikusita, euskarazko telebistari eta euskarari bultzada ederra eman lekioke.

  3. Arrakastatsuak diren euskarazko saioak ETB2n jartzea, azpitituluekin. Ziur nago, euskarazko ekoizpena lehenetsiz eta giza-baliabideak egon badirela jakinik, lehenago edo beranduago kalitatezko -eta arrakasta handiko- saio ugari sortuko liratekeela. Horrela, saio horiek gaztelaniazko katean jarriz, euskararen presentzia areagotuko litzateke erdal hiztunengan -ikusgarritasuna-, eta era berean, euskararik gabe gauza interesgarriak galtzen ari direnaren sentsazioa sortuko litzaieke -motibazioa-. Berriro ere El Conquistador: bai arrakastagatik, bai tematikagatik oso aproposa da errepikapenak ETB2n boteak izateko.

  4. Euskal ekoizleei tartea eskaintzea. Badira euskaraz ekoizten dutenak eta irudipena dut sarritan haien lana ezustean pasatzen dela. Hori dela eta, bururatzen zaidan proposamen zehatz bat da asteroko zinema-saio baten ondoren euskarazko film labur bat jartzea, Versión Española saioan egin ohi zuten (duten?) bezala. Ez dut uste zailegia litzatekeenik -astero izan ordez, bi astean behin ere egin liteke…-, ezta garestiegia ere. Horrek euskal sortzaile eta ekoizleengan positiboki eragingo luke: beren lanak hedatzeko aukera eskainiko lieke, eta baliabide gehiago lortzeko aukera ere bai. Azken batean, euskarazko ikus-entzutezko ekoizpena (ez ETBkoa soilik, oro har baizik) indartuta aterako litzateke.

Badakit proposamen hauek askori ez zaizkiola berriak edota berritzaileak egingo, baina jakinaren gainean zeundeten hasiera-hasieratik gauza apala izango zela hau. Kontua da, ikusitakoak ikusita, halako proposamen zehatz eta egingarrien falta sumatu dudala. Ez dezala inork gaizki ulertu: oso ondo deritzot ereduaren inguruan eztabaidatzeari eta era teorikoagoan lantzeari, baina ni bezalako ezjakinek errazago ikusten ditugu gauzak adibide konkretuak ematen dizkigutenean.

Era berean, badakit lau proposamen egin ditudala eta izenburuan, berriz, bost egingo nituela adierazi. Ez da iruzur egin nahia, baizik eta irekia utzi nahi dudala: ez daukat zalantzarik jendeak proposamen gehiago eta interesgarriagoak dituela egiteko; horiek lirateke bosgarrena -eta seigarrena, zazpigarrena…-, ideiak ez baitira falta direnak, borondatea baizik.

Azkenik, sinetsita nago hona formula iraultzailerik ekarri ez badut ere, aldaketatxo horien guztien sinergiaz eragin nabarmena lortzerik balegokeela. Auskalo! Agian egungo errealitatea iraultzera iristerainokoa!

Beraz, ekar itzazue zuen proposamenak, aukerak badirela jakin dezaten, eta ez gutxi gainera!

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu