Posts tagged: errealitatea

LELOKRAZIA

By , 2012(e)ko urriak 25 0:01

Ez dezala inork oker ulertu, ez dut sasi-jakintsuaren itxura eman nahi, gainontzekoak ergelak direla esanaz; ez baitira gauza bera munduan zehar barreiatuta dauden lelo andana eta geure ahoetatik atera ohi direnak, nahiz eta egia den leloek leloen ahoetan dantza egiteko arintasuna badutela.

Aitzitik, demokraziaren jaiak sorrarazten duen asaldura apaldu ondoren, pentsatzera iritsi naizena da leloen -ergelen- gizartea baino, daukaguna dela lelo -”slogan” nahi baduzu, hizkera moderno eta errazean- ponpoxoetan oinarritutako demokrazia bat, eta hori dela, hain zuzen ere, geu lelotzen gaituena.

Izan ere, bakarrizketa amaigabeek eta, datu eta informazio pilaketa diren ingude astunek asperraldia eragiten digute; egitasmo ulertezin eta eztabaida korapilatsuek, berriz, alferkeria. Gainera, guztiek gure denbora preziatua galtzea besterik ez dakarkigute.

Horrela, XXI. mendeak exijitzen digun lelo azkarreko arrazoibide murriztua lehenetsi dugu; arrazoitzeko gaitasuna leloaren tamainaren adinakoa egin dugu. Hausnarketa pausatu eta luzeak sortzen dituen kontraesan, arazo eta denbora galtzeen aurrean, leloa nahiago: egia borobilekoa, laburra eta azkarra.

Adibideren bat jartzearren, eta inork ez diezadan leporatu abstrakzioetan galdu izana, hondakinen gaian ageri da bat oso paradigmatikoa: Birziklapena bai, atez atekorik ez. Argia, laburra eta azkarra; eta nola ez, politikoki oso zuzena, ekologista baita!

Ahotik halakoa bota bezain laster, amaitu dira buruhausteak, amaitu dira eztabaidak, kitto. Batek jarrai dezake, gizarteari bere ekarpena egin izanaren ziurtasun osoz, bere bizitzaren erritmo biziarekin lasai.

Baina, era berean, ahotik halakoa bota bezain laster, amaitu dira zentzutasuna eta amaitu dira arrazoinamenduak; ez izan zalantza izpirik, lelokrazian arrazoiarenak egin du.

ORDU ALDAKETAK EZ DU EGUNA ALDATZEN

By , 2012(e)ko apirilak 3 2:50

Beste behin, aldatu behar izan dugu ordua: orain, eguzkia punturik gorenean dagoenean, hau da, zehatz-mehatz eguerdia denean, ordu biak dira gure erlojuetan. Eta honekin batera, beste behin, entzun behar izan ditugu neurri horren inguruko eztabaidak telebistako saioetan, irratietan, baita tabernetako komunetan ere: energia aurrezten dela, batetik aurrezten dena bestetik xahutzen dela… Denetariko iritzi-zalaparta.

Bada, burrunba honen erdian txikikeria bat -dei iezaiozue txorakeria nahi baduzue- bururatu zait: ordua aldatu ordez, ordutegiak alda genitzake.

Hasiera batean ez diot garrantzirik eman burutazioari; izan ere, ertain-klaseko hiritar konformista eta alienatu on bezala, ohituta nago hausnarketa antzuetan murgiltzera -beti ere, ekintzaren kaltetan, noski-. Baina asperkeriak jota-edo, kateatzen joan diren hainbat galderarekin teoria antzu baina landu bat egitera iritsi naiz, horrek beti eman ohi duen dotorezia-itxura guztiarekin.

Aurrekoari helduz beraz: zergatik aldatu ordua eta ez ordutegiak? Zergatik aldatzen dugu egunaren hasiera eta amaiera, gure ohiturak aldatu beharrean? Zeren eta ez dezagun ahaztu! Eguna bera aldatu dugu, eguna bezain gauza naturalari hasiera eta amaiera aldatu dizkiogu; eta dena, guk betiko orduan lanera joaten jarraitu ahal izateko. Argi ikusten ez duenak azter dezala gure hizkera, “orain beranduago iluntzen du!” bezalakoez beteta. Gure diskurtsoek geure pentsaerak salatzen dituzte.

Baina gauzatxo bat oharkabean pasa zaigu: eguna benetan ez da aldatu, egunak -naturak- bere bidea darrai eta, erlojuak dioena dioela ere, geu gara lehenago esnatu eta oheratzen garenak. Ilusio bat sortu dugu, faltsua; eta gainera, sinetsi egin dugu.

Hori dela-eta, hausnarketa -itxuraz- antzu honi nolabaiteko zentzua aurkitu diot, edota, nahi baduzue, aurkitzeko beharra sentitu dut. Izan ere, ordu aldaketan gure jokabideen adibidea ikusi dut, errealitateari bizkar emanez bizi garenaren eredu garbia. Errealitatea onartu eta haren arabera jokatu ordez, nahiago dugu ilusio bat sortu eta sinetsi.

Eta dena, gure kontraesanak ez onartzearren: natura babesteko gure eraginetik salbu jartzen ditugu hainbat gune, gure eragina jasangarria egin eta ekosistemaren parte garela onartu ordez; grebaren balio-eza nabarmentzen eta kritikatzen dugu, ustezko erosotasunetik hatz bakar bat mugitzeko gogorik ez dugula onartu ordez; euskararen zailtasunaz mintzo gara, berau ikasi eta erabiltzeko asmorik ez dugula onartu ordez…

Jokabide honen adibideak milaka izan daitezke. Baina ordu aldaketarena, bere txikitasunagatik, bereziki interesgarria egiten zait; jokabide hori hezur-muinetaraino sartuta dugula erakusten digulako, gauzarik hutsalenetan ere -oharkabean- hala jokatzen dugula erakusten digulako.

Beraz, ohar gaitezen: ordu aldaketak ez du eguna aldatzen!

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu