Posts tagged: erabilera

EUSKARADUN ABERTZALE BATI GUTUN IREKIA

By , 2012(e)ko abenduak 3 16:43

Ez zintudan ikusi joan den larunbatean Donostian Euskaraz bizi nahi dugu manifestazioan parte hartzen, baina ez dut ezer leporatzeko asmorik, zeure arrazoiak izango dituzu-eta. Nik jakinarazi nahi dizut, ez besterik, bertan agertu ginenok euskaraz bizitzeko hautu irmoa egin dugula eta, hori dela dugun modu bakarra euskaldun izateko. Eta pentsa dezakezu euskaltzale chic hipermoderno horietakoa naizela, euskaldun izate osoa eta bakarra hizkuntzan oinarritzen duen horietakoa, munduan besterik ez balego bezala.

Bada, utz iezadazu argitzen badakidala euskaraz diharduen oro ez dela euskaldun, horietako hainbatek beste herri bat baitu bere sentitzen (esate baterako Japonia, Argentina, Espainia, Frantzia…); eta alderantziz, jakin ere badakidala euskaraz ez dakiten askok (norberak jakingo du zergatik, ez naiz orain horretan sartuko) Euskal herria dutela beren aberri sentitzen.

Hori guztia badakit. Baina oraingoan zuri zuzentzen natzaizu, euskaraz jakin eta apenas erabiltzen ez duen abertzale horri, bere burua euskalduntzat duen euskaradun baina erdaldun mihi horri: ez zeure burua engaina, besteok ez gaituzu engainatzen; zuk zeure hautua egin duzu, erdaraz bizitzeko hautua egin duzu, eta horrela, euskaldun izateari uko egin diozu, “herria baita gorputza, eta hizkuntza bihotza”.

Erradikala naizela lepora diezadakezu eta elebidun izateko hautua egin duzula esanez zeure burua zuritu. Baina gehientsuonok gara elebidun edota eleanitz, eta ez da elebitasun -eleaniztasun- perfektu edota idealik existitzen; hain zuzen ere, horregatik da perfektua edota ideala, ez delako erreala. Zure baitan hizkuntza bakarra darabilzu, zeure burua hizkuntza batean edo bestean mintzo zaizu, halabeharrez. Beraz, zuk zeure hautua egina duzu; bestela, begira ezazu apur batez zeure baitara, zintzotasunez.

Eta horregatik, eskertuko nizuke garbi hitz egingo bazenit, euskalduna ez zarela -eta izateko asmorik ez duzula- aitortuko bazenit. Eta ez, ez esan asmoa bai baina kontzientzia kolonizatua duzula, barrena erdaldundua duzula, ez dela zeure errua; inuitek dioten bezala, hizkuntza baita gauza bakarra erabiliaren erabiliaz zorrozten dena. Zorroztea edo kamustea zeure esku dago.

Azken batean, nahikoa dela esan nahi dizut, ez jartzeko aitzakia gehiagorik eta jakin dezazula zure hautua zeuk egiten duzula, egunero. Nik egin dut neurea, hemendik aurrera zein izango da zeurea?

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu