DESAKORDIOAK DESEGITEN?

By , 2012(e)ko maiatzak 26 11:48

Zalaparta handia sortu du Kontra saioko azken eztabaidak –EAJ-Amaiur: nork ez du akordiorik nahi?-, batez ere, Iñaki Larrañagak saioaren inguruko artikulua idatzi duenetik Zuzeu aldizkarian. Iruzkinak barra-barra, kritika zorrotzak eta independentziarako gogo biziak; hori da nik bertan ikusi dudana. Ni neu ere aritu naiz parte hartzen, baina oraingoan, luzeegi egingo zitzaidalakoan, blogean idaztea iruditu zait aproposena.

Irakurritakoak irakurrita, uste dut eztabaidaren muina hiru puntu zehatzetan zentratzen dela eta, hain justu ere, horiek aipatu nahiko nituzke eta nire iritzi umila eman.

1- Akordio estrategikoa vs. hauteskunde akordioa

Iruditzen zait batzuetan nahasi egiten direla eta, akordioaz hitz egiten denean, sarritan, ez da garbi geratzen bietako zeinetaz ari diren, ala bietaz ari diren, ala zer.

Independentziarako estrategia da akordatu beharrekoa, independentzia baita helburu: Euskal Herri burujabea eta demokratikoa. Horrek esan nahi du itunak hauteskunde lehiatik haratago joan behar duela, ezin dela horren menpe egon. Bestela, arriskua dago helburua independentzia izatetik espainiar erakundeek ahalbidetzen duten botere-kuota izatera igarotzeko, eta horrekin konformatzeko. Hori ez gertatzeko ezinbestekoa da akordio argi eta sendoa.

Argitu beharra dago horrekin ez dudala esan nahi, mugimendu taktiko bezala, ezin denik izan baliagarria botere-kuota hori, edota hauteskunde-akordiorik; oso baliagarria izan daiteke, baina beti ere estrategia zabalago baten barruan; independentzia, alegia.

2- Espainiar erakundeak vs. erakunde propioak

Badirudi salba ezinezko dikotomia sortzen dela gai honekin. Dena da zuria edo beltza: edo sistemaren barruan zaude, edo sistematik kanpo. Baina errealitatea ez da hain sinplea eta zurruna, askoz konplexuagoa da eta ñabardura asko ditu.

Honela, ez dut uste espainiar erakundeetan parte hartzeak euskal estatuari uko egitea -eta espainiarrari men egitea- esan nahi duenik, ez behintzat, bete-betean. Lehen aipatu bezala, estrategia argi bat -independentziarakoa, noski- ezarrita badago, mugimendu taktiko gisa oso baliagarria izan daiteke, batez ere, gizartea kudeatzeko zenbait baliabide eta ahalmen eskaintzen dizkigulako. Ados, mugatuak, baina ahalmenak azken finean.

Bestela, galdetu nahiko nieke erakunde -espainiar- horiei uko egitearen alde daudenei: Eta zein botere esparru erabil dezakegu independentzia gauzatzeko? Ba al dugu erakunde propiorik? Gizarte zibilak ba al du horretarako ahalmenik? Ezezkoan nago. Gainera, Eusko Jaurlaritzatik, adibidez, sustatu daitezke -ekonomikoki, sozialki- nazionalak eta propioak diren botere esparruak, besteak beste, Udalbiltza -politika egoki batekin, EITB ere izan daiteke Pako Aristik dioen pedagogia egiteko botere mediatiko eraginkorra-; eta horixe bada mugimendu taktiko ona, independentzia helburu duena.

3- Independentzia vs. erabakitzeko eskubidea

Azkenik, zenbaitek planteatu du erabakitzeko eskubidea eta oinarri demokratikoak baliatzea independentzia lortzeko pentsamendu kolonizatuaren zantzuak direla. Lehenik behar dela independentzia, gero demokrazia eta erabakitzeko eskubidea izateko.

Ados egon naiteke nolabait planteamendu horrekin, herri kolonizatu gisa independentzia da dagokiguna eta kitto. Baina zalantzak sortzen dizkit: nola lor dezakegu independentzia babes sozialik gabe? Nola lor dezakegu independentzia gauzatzeko beharrezkoa den babes soziala? Ez al da independentziarako argudio on bat -mugimendu taktiko bat, azken batean- proiektu independentistak gehiengo demokratikoa duela erakustea? Espainiar erakundeetan bada ere? Jakina, horretarako babes soziala dugula jakin behar dugu, edo babes hori sortu -lortu-. Horretarako bigarren puntuan esandakoa errepikatuko dut: pedagogia. Eta pedagogia egiteko beharrezkoak ditugu botere esparruak, kolonizatzailearenak izanda ere; horietaz balia baikaitezke geure helburuak lortzeko.

Honekin guztiarekin, uste dut nire iritziak eta zalantzak argi eta garbi adieraztea lortu dudala eta, espero dut eztabaidarako balioko dutela; iruzkinak egitera animatzen zaituztet, ea ondorio batzuetara iristerik dugun.

MODERNOA NAIZ ETA HARRO NAGO!

By , 2012(e)ko maiatzak 23 1:40

Harro nago, gatazkak kolpeka konpondu ordez, botoi gorriak sakatuz konpontzen ditudalako; gutxirekin nolabaiteko bakean bizi ordez, askorekin etengabeko lehia eta borrokan bizi naizelako; behar dudanarekin bizi ordez, behar ez ditudan gauzez gainezka bizi naizelako; eta premiak asetu ordez, behar ez ditudan premiak sortuz asetzen naizelako.

Harro nago, ura edaten dudan bakoitzean, pitxerra berriro bete ordez, zaborrontzia plastikozko botilez betetzen dudalako; gure ibaietako urak, edan ordez, plastikozko botilak egiteko zikintzen ditudalako; gure iturrietako ur zikinduak edan ordez, plastikozko botiletako ur miragarri garbiak edaten ditudalako; eta natur-gune pribilegiatu gutxi batzuk, ustiatu ordez, plastikozko botilez zikindu gabeko errekak ikusteko babesten ditudalako.

Harro nago, bizilagunekin auzolanean ibili ordez, munduaren beste muturrean borondatezko lanetan aritzen naizelako; nire ardurak, neure gain hartu ordez, jauntxo profesionalizatuen esku adituetan uzten ditudalako; herriko jauntxo xaloen aurka matxinatu ordez, diktadore mediatiko maltzurren kontrako sinadurak biltzen ditudalako; eta borrokalari baketsua izan ordez, bakezalekeria inozoaren defendatzaile amorratua naizelako.

Bai, modernoa naiz eta harro nago!

Baina, erne! Ez al gara jadanik post-modernitatean bizi? Zer ote da hori? Modernoa baino modernoagoa izatea? Edo… post-modernoa izatea, ez ote da izango modernoa izatea eta, gainera, horretaz harro egotea? Baliteke…

Orduan, post-modernoa naiz… eta harro nago!?

KEXATIEN GIZARTEAN

By , 2012(e)ko maiatzak 12 1:33

Aurreko batean, sutan jarri ninduen interneteko foro batean gertatutako pasadizo batek; euskaldunok kalean, lagunartean edota beste hainbat tokitan sarritan bizi izaten ditugun horietako batek. Oroitzen ez dudan web orri bateko foro bat zen, eta bertan, euskaldunak ari ziren euskaldunoi buruz -gure gaitzei buruz, zein arraroa!- hizketan, euskaraz. Halako batean, erdaldun -probokatzaile- batek bere diskurtso doilorra askatu zuen eta, bat-batean, euskaldun amorratu mordoa hasi zen kexa eta kexa, agian arrazoi osoz, baina erdaraz!

Ez al da paradoxikoa? Erdaraz aritzeagatik erdaraz kexaka. Noizko ahaztuko ditugu konplexuak? Beren jokoan sartzen gara eta nahi dutena lortzen dute, alegia, euskara balio gutxiko gauza bilakatzea, erraz alboratzekoa. Ez al dira haiek ulertzen ez dutenak? Zergatik sentitu geuk amorrua eta haserrea, haiek beharko luketenean sentitu jakin-mina edo lotsa? Euskaraz ez jakiteak sentiarazi beharko lieke zerbait -eztabaida, ezagutza…- galtzen dutela, eta horren ordez, harro sentitzen dira guztiek euskara baztertzea eta eztabaidarekin amaitzea lortu dutelako. Baina hori bai, euskaldunok kexa eta kexa, ez zaigu falta sekulako aldarrikapen politikoak botatzeko gaitasunik.

Kea belarrietatik zeridala, eta gertaera hori aitzakiatzat hartuta, gogora etorri zaizkit gure jendarteak jaso izan dituen izendapen ezberdinak -hala nola, “Informazioaren gizartea”, “Ezagutzaren gizartea”, “Kontsumo-gizartea”, “Arriskuaren gizartea”, eta abar luze bat-, eta beste izendapen bat otu zait: “Kexatien gizartea”. Iruditzen baitzait izendapen egokia izan daitekeela bizi dugun errealitatea deskribatzeko.

Izan ere, beti gabiltza kexaka: politikariak direla, sindikatuak direla, bankariak direla, enpresariak direla, gazteak direla, kapitalismoa dela, kontsumismoa dela, pobrezia dela, kutsadura dela… Amaigabea litzateke zerrenda, eta beti berdin, marmarka.

Eta argi gera dadila! Ni ez noa inori leziorik ematera, ezta soluzio magikoak proposatzera ere. Artikulu hau uler dadila autokritika gisan. Baina ez al zaudete eztarria urratzeaz nekatuta? Argi baitago kexatze hutsarekin ezer gutxi lortzen dela.

Azken batean, beti gaude defentsiban, kexaka, ea norbaitek konpontzen digun arazoa. Eta kexatzea ez dago gaizki, baina behin kexatuta, konponbideak bilatu behar dira. Ekintza erreaktibotik proaktibora igaro beharra dago -zein hitz “potoloak”-. Baina badirudi nahiago dugula dena bere horretan utzi, eta errealitateari bizkar emanez bizi; kexatu eta, bizimodua -jarrerak, jokaerak, pentsaerak- ez aldatzearren, bestaldera begiratu. Hori bai, erosoagoa bada.

Bukatzeko, argi pixka bat tunelean: badira errealitate berriak eraikitzeko ahaleginetan daudenak ere. Euskarari dagokionez, esaterako, Zuzeu aldizkarian ikusi ahal izan ditut jarrera berriak, konplexurik gabeak eta norberaren esku daudenak -eta beraz, erraz gauzatzekoak-; hain zuzen ere, betiko jarrera zaharkituez nazkatuta, artikulu hau idaztera animatu nintzenean, kasualitatea! Beste adibide bat Basherriak ekimena da, kexa eta aldarrikapenetatik haratago, kontsumo-bide berriak jorratuz dabilena. Eta azkenik, ez dut aipatu gabe utzi nahi Munduari so blogean ikusi berri dudan hitzaldia; oso interesgarria. Pako Aristirena da eta, funtsean, gai bera darabil bere ahotan, hau da, kexatu ala sortu.

BIDERAGARRITASUN EKONOMIKOAREN GAZI-GOZOAK

By , 2012(e)ko maiatzak 4 0:56

Hilabeteko atzerapenaren ondoren, aste honetan, azkenean, sarean jarria izan da Kontra saioaren azken eztabaida: Euskal Herri independente baten bideragarritasun ekonomikoa. Benetan interesgarria gaia, baita beharrezkoa ere. Hala ere, saioa ikusi ondoren sentsazio gazi-gozoa geratu zait niri.

Gazia, izan ere, espero zitekeena den arren argudio ekonomikoekin batera argudio politikoak azaltzea -are gehiago, gure herri honetan gaudela jakinik, eta guztia politikaz zipriztintzeko joera dugula ezaguturik, nik neuk barne-, beharko ez litzatekeena da argudio eta azalpen ekonomikoei aurreiritzi ideologikoak nagusitzea. Eta zoritxarrez, sarriegi gertatu da hori mahai-inguru honetan, maizegi desitxuratu da – ziur nahita- eztabaidaren funtsa.

Eta gozoa, bideragarritasunaren aldekoak izan direlako saioan eman diren probetxuzko argudio eta datu bakarrak, hau da, ekonomikoak. Egia esan, barregarriak edota negargarriak iruditu zaizkit bideraezintasuna defendatzen zutenen argudioak. Gainera, horiek askotarikoak izan dira, ekonomikoak salbu: politikoak -inkonstituzionala dela-, “humanistak” -insolidarioa dela-, inperialistak -boikota jasango genukeela-, idealistak -Europar Batasunak ez lukeela onartuko-, “internazionalistak” -Europa bakar baterantz goazela- eta abar. Benetan diot, ez nekien barre edo negar egin.

Baina pena dut, eta horregatik sentsazio gazi-gozo hau, hitzontzikeria horri esker ezin izan direlako entzun pisuzko arrazoiak bideragarritasunak izan litzakeen oztopoei buruz, eta ziur gehiago edo gutxiago, baina egon badaudela. Eta uste dut, indarguneez gain, komeni zaigula ahuleziak ere ezagutzea.

Amaitzeko, onartu behar dut saioaren antolatzaileei kritika egiteko asmoa nuela, zeren eta adituen -edo behintzat pixka bat jakitunen- falta sumatu nuen batzuen argudio-maila eskasa ikusita. Baina sarean begiratu eta ohartu naiz Gorka Maneiro -horixe bera, UPyD alderdikoa- Enpresa-zientzietan diplomatua dela, eta ogibidez kontularia. Sinestezina! Neuk ere aurki nitzake argudio hobeak! Beraz, kritikarik ez, eta horrela segi!

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu