ERROMATARRENGANDIK GERATU ZAIGUNA

By , 2012(e)ko apirilak 4 15:23

Aurreko batean dokumental bat ikusi nuen Historia katean eta, bertan, erromatarrei buruz hitz egin zuten. Beno, erromatarrei buruz baino, beren arkitekturaz.

Erromatarrek eraikuntzarako zituzten ezagutzak eta sofistikazio-maila goraipatu zituzten erreportajeko adituek, eta zibilizazio haren handitasunaren erakusgarritzat hartu. Logika erraza da: erromatar zibilizazioa handia zen, milaka urte iraun dituzten eraikin erraldoiak egiteko gai zirelako. Horrek, berez, jendartea ezin hobeto bizi zela adieraziko balu bezala! Eztabaidagarria da oso kultura edota jendarte baten “handitasuna” neurtzeko modu hori, baina orain ez naiz horretan sartuko.

Kontua da, erreportajea ikusten ari nintzela, Erromako hiritar xumeak imajinatu nituela halakoak esanez: Ez al daude gauza beharrezkoagoak gure dirua horretan xahutzeko? Zergatik ez dute diru hori estoldak eta ubideak konpontzeko erabiltzen? Edo etxe guztietara ura irits dadin azpiegiturak eraikitzen?

Eta ondoren, etorkizuna imajinatu nuen: ikerlariak gure zibilizazioaren aztarnak aztertzen; gure eraikuntzarako gaitasuna eta, beraz, “handitasuna” goraipatzen. Ziur gutako asko ez litzatekeela irakurketa horrekin konforme egongo.

Bi mila urte igaro dira. Hainbeste aldatu al gara?

Badakit egungo krisiaren eta eraikuntzaren gehiegikerien lohietatik ari naizela historia interpretatzen. Baina akaso ez al da hori beti egiten dena? Historia garaian garaiko ikuspegitik irakurtzen eta berreraikitzen da.

Are gehiago, esango nuke askotan egungoa justifikatzeko erabiltzen direla pasatako garaiak; izan ere, gure zibilizazioa erromatarrenaren ondorengo zuzena eta isla den neurrian –alderatu, bestela, Estatu, Zuzenbide, Senatu eta abarren kontzepzioak, baita aurreko irudia ere-, horiek goraipatuz geurea goraipatzen dugu. Edo kasualitatea ote da eskoletako testu-liburuetan Grezia eta Erroma gailurrik gorenean jartzea eta Erdi Aroa putzurik ilunenean? Erdi Aroko nekazari eta artisauak erromatar -eta gure- kontratu-sistemako langileak baino “esklaboagoak” al ziren? Ez ote dago nolabaiteko doktrinamendurik horren atzean?

Ni behintzat, gauza batzuk zalantzan jartzera eta historia birpentsatzera eramaten nau honek guztiak.

ORDU ALDAKETAK EZ DU EGUNA ALDATZEN

By , 2012(e)ko apirilak 3 2:50

Beste behin, aldatu behar izan dugu ordua: orain, eguzkia punturik gorenean dagoenean, hau da, zehatz-mehatz eguerdia denean, ordu biak dira gure erlojuetan. Eta honekin batera, beste behin, entzun behar izan ditugu neurri horren inguruko eztabaidak telebistako saioetan, irratietan, baita tabernetako komunetan ere: energia aurrezten dela, batetik aurrezten dena bestetik xahutzen dela… Denetariko iritzi-zalaparta.

Bada, burrunba honen erdian txikikeria bat -dei iezaiozue txorakeria nahi baduzue- bururatu zait: ordua aldatu ordez, ordutegiak alda genitzake.

Hasiera batean ez diot garrantzirik eman burutazioari; izan ere, ertain-klaseko hiritar konformista eta alienatu on bezala, ohituta nago hausnarketa antzuetan murgiltzera -beti ere, ekintzaren kaltetan, noski-. Baina asperkeriak jota-edo, kateatzen joan diren hainbat galderarekin teoria antzu baina landu bat egitera iritsi naiz, horrek beti eman ohi duen dotorezia-itxura guztiarekin.

Aurrekoari helduz beraz: zergatik aldatu ordua eta ez ordutegiak? Zergatik aldatzen dugu egunaren hasiera eta amaiera, gure ohiturak aldatu beharrean? Zeren eta ez dezagun ahaztu! Eguna bera aldatu dugu, eguna bezain gauza naturalari hasiera eta amaiera aldatu dizkiogu; eta dena, guk betiko orduan lanera joaten jarraitu ahal izateko. Argi ikusten ez duenak azter dezala gure hizkera, “orain beranduago iluntzen du!” bezalakoez beteta. Gure diskurtsoek geure pentsaerak salatzen dituzte.

Baina gauzatxo bat oharkabean pasa zaigu: eguna benetan ez da aldatu, egunak -naturak- bere bidea darrai eta, erlojuak dioena dioela ere, geu gara lehenago esnatu eta oheratzen garenak. Ilusio bat sortu dugu, faltsua; eta gainera, sinetsi egin dugu.

Hori dela-eta, hausnarketa -itxuraz- antzu honi nolabaiteko zentzua aurkitu diot, edota, nahi baduzue, aurkitzeko beharra sentitu dut. Izan ere, ordu aldaketan gure jokabideen adibidea ikusi dut, errealitateari bizkar emanez bizi garenaren eredu garbia. Errealitatea onartu eta haren arabera jokatu ordez, nahiago dugu ilusio bat sortu eta sinetsi.

Eta dena, gure kontraesanak ez onartzearren: natura babesteko gure eraginetik salbu jartzen ditugu hainbat gune, gure eragina jasangarria egin eta ekosistemaren parte garela onartu ordez; grebaren balio-eza nabarmentzen eta kritikatzen dugu, ustezko erosotasunetik hatz bakar bat mugitzeko gogorik ez dugula onartu ordez; euskararen zailtasunaz mintzo gara, berau ikasi eta erabiltzeko asmorik ez dugula onartu ordez…

Jokabide honen adibideak milaka izan daitezke. Baina ordu aldaketarena, bere txikitasunagatik, bereziki interesgarria egiten zait; jokabide hori hezur-muinetaraino sartuta dugula erakusten digulako, gauzarik hutsalenetan ere -oharkabean- hala jokatzen dugula erakusten digulako.

Beraz, ohar gaitezen: ordu aldaketak ez du eguna aldatzen!

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu