AGURRA?

By , 2013(e)ko otsailak 27 15:42

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet blog honetara hurbildu zareten guztiei (barregura, blogaren arrakasta ikusita). Orain ia urtebete igaro da interneten jolasean hasi nintzela eta, esperimentu txiki gisa, bertan parte aktiboa izan eta bloga irekitzea erabaki nuela.

Egia esan, honek balio izan dit sarean dagoen euskal komunitatea eta, bertan sortzen diren eztabaida eta hausnarketak ezagutzeko: interesgarriak benetan, eta blogean nire burutazio eta iritziak adieraziz, komunitate horri neure ekarpentxoa egiteko asmoz hasi nintzen.

Baina hasi bezain pronto, eta burutaziook batzuetan axaleko iritziak eta besteetan txorakeria hutsak besterik ez zirela ikusita (ez, ez da arrakasta ezagatik, ez bainuen pretentsio handiegirik ere), duda “existentzialistak” piztu zaizkit etengabe: zertarako idazten dut? (zergatik badakit, gabezia sozial eta emozional hainbat betetzeko) Norentzat? Zertan egin dezaket ekarpen interesgarririk, egin badezaket? Eta abar luze bat.

Beraz, eta zalantza horiek argitze aldera, bloga (baita berarekin lotuta doan txiolari eta iruzkingilea ere) bazter batean uztea erabaki dut. Agian itzuliko naiz mundu birtualera partaide gisa, baina argi dut horretarako helburuak eta nire ekarpenaren balioa garbi izan behar ditudala.

Izan huntsa!

EUSKARADUN ABERTZALE BATI GUTUN IREKIA

By , 2012(e)ko abenduak 3 16:43

Ez zintudan ikusi joan den larunbatean Donostian Euskaraz bizi nahi dugu manifestazioan parte hartzen, baina ez dut ezer leporatzeko asmorik, zeure arrazoiak izango dituzu-eta. Nik jakinarazi nahi dizut, ez besterik, bertan agertu ginenok euskaraz bizitzeko hautu irmoa egin dugula eta, hori dela dugun modu bakarra euskaldun izateko. Eta pentsa dezakezu euskaltzale chic hipermoderno horietakoa naizela, euskaldun izate osoa eta bakarra hizkuntzan oinarritzen duen horietakoa, munduan besterik ez balego bezala.

Bada, utz iezadazu argitzen badakidala euskaraz diharduen oro ez dela euskaldun, horietako hainbatek beste herri bat baitu bere sentitzen (esate baterako Japonia, Argentina, Espainia, Frantzia…); eta alderantziz, jakin ere badakidala euskaraz ez dakiten askok (norberak jakingo du zergatik, ez naiz orain horretan sartuko) Euskal herria dutela beren aberri sentitzen.

Hori guztia badakit. Baina oraingoan zuri zuzentzen natzaizu, euskaraz jakin eta apenas erabiltzen ez duen abertzale horri, bere burua euskalduntzat duen euskaradun baina erdaldun mihi horri: ez zeure burua engaina, besteok ez gaituzu engainatzen; zuk zeure hautua egin duzu, erdaraz bizitzeko hautua egin duzu, eta horrela, euskaldun izateari uko egin diozu, “herria baita gorputza, eta hizkuntza bihotza”.

Erradikala naizela lepora diezadakezu eta elebidun izateko hautua egin duzula esanez zeure burua zuritu. Baina gehientsuonok gara elebidun edota eleanitz, eta ez da elebitasun -eleaniztasun- perfektu edota idealik existitzen; hain zuzen ere, horregatik da perfektua edota ideala, ez delako erreala. Zure baitan hizkuntza bakarra darabilzu, zeure burua hizkuntza batean edo bestean mintzo zaizu, halabeharrez. Beraz, zuk zeure hautua egina duzu; bestela, begira ezazu apur batez zeure baitara, zintzotasunez.

Eta horregatik, eskertuko nizuke garbi hitz egingo bazenit, euskalduna ez zarela -eta izateko asmorik ez duzula- aitortuko bazenit. Eta ez, ez esan asmoa bai baina kontzientzia kolonizatua duzula, barrena erdaldundua duzula, ez dela zeure errua; inuitek dioten bezala, hizkuntza baita gauza bakarra erabiliaren erabiliaz zorrozten dena. Zorroztea edo kamustea zeure esku dago.

Azken batean, nahikoa dela esan nahi dizut, ez jartzeko aitzakia gehiagorik eta jakin dezazula zure hautua zeuk egiten duzula, egunero. Nik egin dut neurea, hemendik aurrera zein izango da zeurea?

BOST PROPOSAMEN ETB-RENTZAT

By , 2012(e)ko azaroak 24 20:38

Izenburuan orain hilabete batzuk EITBko hainbat langilek abiatutako ekimenari erreferentzia eginez, neure propioa gaineratu nahi nieke azkenaldian euskal telebista publikoaren inguruan egiten ari diren eztabaida eta hausnarketei. Izan ere, kontu berria ez den arren, azken gertakari batzuek askoren baitan lo zegoen harra esnarazi dute; besteak beste, gobernu aldaketak eta Soziolinguistika Klusterraren azken emaitzek.

Ezer baino lehen, onartu behar dut ez naizela gaian aditua, baina badut -gehiengoaren gisara- errealitatea aztertu eta bere gainean hausnartzeko gaitasun apur bat -nire ondorioak okerrak diren ala ez, beste kontu bat da-. Horregatik, proposamen zehatz batzuk egitera ausartu naiz; xume-xumeak, baina argiak eta eginerrazak.

  1. Euskaldunak euskaraz egitera bultzatzea, baita gaztelaniazko saioetan ere; kasu horretan azpitituluak jarriz. Horrelako pausu txiki batek nabarmen zabalduko luke euskararen presentzia, eta erdaldunen aurrean ageriko errealitate bilakatuko. Ez dut uste azpititulatzeko jende prestaturik falta denik ETBn. Baina ez dakit den utzikeria, mespretxua edota asmo txar erabatekoa; hain zuzen ere, guztiz aurkakoa baita egiten dutena: euskaldunak gaztelaniaz egitera behartzen dituzte, euskara erdaldunentzat erabat ikusezin eginez, hutsal. Eta are urrunago joan dira azkenaldian, euskarazko katean bertan gaztelania lehenetsiz. Zaindu! saioa horren erakusle; antza, euskaldunok ez ditugu bihotzekoak jasaten. 

  2. Etxeko ekoizpenetan euskarazkoak lehenestea. Luze eta zabal hitz egin liteke honen inguruan, eta datu zehatzak izan gabe (aurrekontuak, ekoizleak…) ur handiegitan sar ninteke. Baina burura datorkidana eta Berriako mahai-inguruan ere aipatua izan zena da El Conquistador del Fin del Mundo saioa. Izan ere, ikuslegoarengatik zein parte-hartzaileengatik esango nuke neurri handi batean publiko euskalduna duela; beraz, sobera bideragarria litzateke berau euskaraz egitea eta, gainera, duen arrakasta ikusita, euskarazko telebistari eta euskarari bultzada ederra eman lekioke.

  3. Arrakastatsuak diren euskarazko saioak ETB2n jartzea, azpitituluekin. Ziur nago, euskarazko ekoizpena lehenetsiz eta giza-baliabideak egon badirela jakinik, lehenago edo beranduago kalitatezko -eta arrakasta handiko- saio ugari sortuko liratekeela. Horrela, saio horiek gaztelaniazko katean jarriz, euskararen presentzia areagotuko litzateke erdal hiztunengan -ikusgarritasuna-, eta era berean, euskararik gabe gauza interesgarriak galtzen ari direnaren sentsazioa sortuko litzaieke -motibazioa-. Berriro ere El Conquistador: bai arrakastagatik, bai tematikagatik oso aproposa da errepikapenak ETB2n boteak izateko.

  4. Euskal ekoizleei tartea eskaintzea. Badira euskaraz ekoizten dutenak eta irudipena dut sarritan haien lana ezustean pasatzen dela. Hori dela eta, bururatzen zaidan proposamen zehatz bat da asteroko zinema-saio baten ondoren euskarazko film labur bat jartzea, Versión Española saioan egin ohi zuten (duten?) bezala. Ez dut uste zailegia litzatekeenik -astero izan ordez, bi astean behin ere egin liteke…-, ezta garestiegia ere. Horrek euskal sortzaile eta ekoizleengan positiboki eragingo luke: beren lanak hedatzeko aukera eskainiko lieke, eta baliabide gehiago lortzeko aukera ere bai. Azken batean, euskarazko ikus-entzutezko ekoizpena (ez ETBkoa soilik, oro har baizik) indartuta aterako litzateke.

Badakit proposamen hauek askori ez zaizkiola berriak edota berritzaileak egingo, baina jakinaren gainean zeundeten hasiera-hasieratik gauza apala izango zela hau. Kontua da, ikusitakoak ikusita, halako proposamen zehatz eta egingarrien falta sumatu dudala. Ez dezala inork gaizki ulertu: oso ondo deritzot ereduaren inguruan eztabaidatzeari eta era teorikoagoan lantzeari, baina ni bezalako ezjakinek errazago ikusten ditugu gauzak adibide konkretuak ematen dizkigutenean.

Era berean, badakit lau proposamen egin ditudala eta izenburuan, berriz, bost egingo nituela adierazi. Ez da iruzur egin nahia, baizik eta irekia utzi nahi dudala: ez daukat zalantzarik jendeak proposamen gehiago eta interesgarriagoak dituela egiteko; horiek lirateke bosgarrena -eta seigarrena, zazpigarrena…-, ideiak ez baitira falta direnak, borondatea baizik.

Azkenik, sinetsita nago hona formula iraultzailerik ekarri ez badut ere, aldaketatxo horien guztien sinergiaz eragin nabarmena lortzerik balegokeela. Auskalo! Agian egungo errealitatea iraultzera iristerainokoa!

Beraz, ekar itzazue zuen proposamenak, aukerak badirela jakin dezaten, eta ez gutxi gainera!

HARRIAK ZUR ETA LUR

By , 2012(e)ko azaroak 10 17:41

Zurak, itxuraz, tinko eta geldirik dagoen elementua dirudi; dirauen tokian eternitatetik bertatik egon balitz bezala. Baina lehen begirada horrek, ezkutuan, bizia darion izakia gordetzen du; bere zainetan hazten, bizirauten eta hiltzen dena: bizirik dagoena.

Lurrak ere, lehen ikustaldian, ez dirudi gauza irmo eta geldoa besterik, inertea; eternitatetik bertatik ez, baizik eta eternitatea bera balitz bezala. Baina honek ere, zurak bezala, bizitzaren arima bera ezkutatzen du; berau bere baitan hartzen, eskaintzen, eusten duena: sortzen duena.

Bada, geure munduak, ez zur ez lur, harrizkoa dirudi. Zainik gabe eta iragazgaitz, ez du bizia sentitzen; ez ditu bere gorabeherak sufritzen, ez eta gozatzen ere. Munduarenganako axolagabekerian ez du zirkinik ere egiten: bizitzak ez du harritzen, ezta heriotzak ere. Eta geu, harrizko mundukook, harri bilakatu gara; ez zur ez lur, bizitza sentitzeko ezgai.

Harri bizigabeak bihurtu gara harritzeko gai ez den harrizko mundu honetan, eta horrek uzten du bizia zur eta lur.

Itxuraz pentsakor, benetan harri soil

Oharra: harrizko munduaren ahanztura pairatzen dutenei eskainia.

LELOKRAZIA

By , 2012(e)ko urriak 25 0:01

Ez dezala inork oker ulertu, ez dut sasi-jakintsuaren itxura eman nahi, gainontzekoak ergelak direla esanaz; ez baitira gauza bera munduan zehar barreiatuta dauden lelo andana eta geure ahoetatik atera ohi direnak, nahiz eta egia den leloek leloen ahoetan dantza egiteko arintasuna badutela.

Aitzitik, demokraziaren jaiak sorrarazten duen asaldura apaldu ondoren, pentsatzera iritsi naizena da leloen -ergelen- gizartea baino, daukaguna dela lelo -”slogan” nahi baduzu, hizkera moderno eta errazean- ponpoxoetan oinarritutako demokrazia bat, eta hori dela, hain zuzen ere, geu lelotzen gaituena.

Izan ere, bakarrizketa amaigabeek eta, datu eta informazio pilaketa diren ingude astunek asperraldia eragiten digute; egitasmo ulertezin eta eztabaida korapilatsuek, berriz, alferkeria. Gainera, guztiek gure denbora preziatua galtzea besterik ez dakarkigute.

Horrela, XXI. mendeak exijitzen digun lelo azkarreko arrazoibide murriztua lehenetsi dugu; arrazoitzeko gaitasuna leloaren tamainaren adinakoa egin dugu. Hausnarketa pausatu eta luzeak sortzen dituen kontraesan, arazo eta denbora galtzeen aurrean, leloa nahiago: egia borobilekoa, laburra eta azkarra.

Adibideren bat jartzearren, eta inork ez diezadan leporatu abstrakzioetan galdu izana, hondakinen gaian ageri da bat oso paradigmatikoa: Birziklapena bai, atez atekorik ez. Argia, laburra eta azkarra; eta nola ez, politikoki oso zuzena, ekologista baita!

Ahotik halakoa bota bezain laster, amaitu dira buruhausteak, amaitu dira eztabaidak, kitto. Batek jarrai dezake, gizarteari bere ekarpena egin izanaren ziurtasun osoz, bere bizitzaren erritmo biziarekin lasai.

Baina, era berean, ahotik halakoa bota bezain laster, amaitu dira zentzutasuna eta amaitu dira arrazoinamenduak; ez izan zalantza izpirik, lelokrazian arrazoiarenak egin du.

BOTEREAZ… EDO OTSOAK JATEN DUELA ARDIA, EZ ALDERANTZIZ

By , 2012(e)ko ekainak 28 23:21

Artaldeak artzainek zaindu ohi dituzte. Mendietako larreetan barrena gidatzen dituzte artzain-zakurraren laguntzarekin. Batetik bestera eramaten dituzte bazka dezaten eta, gero, umaldia iristen denean, kume berriak sortzen dira eta ardiek esnea ematen dute. Hortxe dago artzainaren ogibidea: ardien haragiaz eta berauek ematen duten esneaz bizi da; geroa ziurtatuko dioten belaunaldi berriak sortuz, bizitzaren eta heriotzaren arteko harreman amaigabearekin jolasean.

Otso-taldeek ordea, ez dute artzainik eta, ez dituzte belardiak bilatzen umatu eta esnea ekoiztu ahal izateko; artaldeak erasotzen dituzte ehizaki bila. Otsoek ere ibili behar dute bizitzaren eta heriotzaren arteko harremanarekin jolasean. Baina artzain faltan, beren kabuz gobernatu behar dituzte beren buruak, baita taldearen geroa ere.

Baina artaldeak otsoen arriskuaz jabetu gabe bizi ohi dira, zelaietan bazkatzen lasai-lasai, nagusiaren eta honen laguntzailearen begiradapean. Haiek zaintzen dituzte, ez dute arduratu beharrik. Horrek otsoei egoera asko zailtzen die, bereak eta bi pasa ohi dituzte jatekoa lortzeko ahaleginetan, bizia bera arriskatuz hainbatetan.

Kontua da batzuetan artaldea bakarrik geratzen dela, artzainek beste betebehar batzuk baitituzte; azken batean, artzainarentzat ogia lortzeko bidea besterik ez da artaldea. Eta halakoetan otsoek pagotxa probestu ohi dute; ongi baitakite ardiak, jaberik gabe, noraezean eta galdurik ibiltzen direla, defentsa mekanismorik gabe. Belarra jan eta ezer gutxi gehiago dakite egiten, gainontzekoa ez baita haien eginkizuna.

Horrela, otsoek ez diote aukerari joaten uzten, ez baita beren ogibidea bakarrik, bizibidea da: ongi dakite, haiek erne ez badabiltza, ez zaiela inor etorriko tripa-zorriak isilarazteko ogi kozkorrik ematera.

Eta zeuek, aukeran, zeinetakoa nahiago?

(Ahari bati entzuna)

Aharia pentsakor: “Aukeratzerik banu…”


EMAN ZURE ZIRIKADA

By , 2012(e)ko ekainak 10 0:32

Ondo irakurri duzu, zirikada, eta ez ziztada. Hau ez da Berriaren ziztaden iragarki bat, hau beste kanpaina bat da, ziria sartzearena, hain zuzen ere. Interesgarriagoa, aberasgarriagoa eta eraginkorragoa. Zure zirikada emateko honako urratsak jarraitu behar dituzu:

  • Jendearen dirua gordetzeko toki segurua bilatu. Horrela, ez dute beren dirua ohe azpian ezkutatu beharko, eta lapurrengandik salbu egongo da. Bezeroek eskertuko dizute.
  • Gordeleku segurua ez erabili, ez da horretarako, konfiantza sortzeko besterik ez da. Frontoira eraman eta apustuak egin. Zenbat eta jokaldi gehiago eta arriskatuagoak egin, orduan eta diru gehiago irabazteko aukera izango duzu. Jokatutakoa daukazuna baino diru gehiago bada, ez du axola, baten bat irabaziko duzu-eta. Komenigarria da bertan, apustuetan irabaz dezakezunaren parte bat emanez, telebistako esatariarekin -Xabier Euzkitzerekin, adibidez- tratua egitea; bere laguntzak bezeroak erakartzeko eta konfiantza sortzeko parada emango dizu.
  • Aldi berean, dirua mailegatu jendeak bere proiektuak aurrera eraman ahal izateko, benetan eskertuko dizute. Dirurik ez baduzu, ez du axola, diruaren ordez txekeak eman eta kitto; berdin balio dute.

Lehen hiru pausu horiek jarraituta, jadanik dirutza egiteko aukera izango duzu eta, orain bai, orain diru hori gordeleku seguru batean jasotzea komeni zaizu, baina inoiz ez zure bezeroei erakusten diezun berberean! Diruarekin ez da jolasten, ez zurearekin, behintzat.

Berriaren ziztadak baino hobea, eman zure zirikada!

Baina zure zirikada eman ahal izateko, oraindik azken pausua falta zaizu:

  • Apustu guztiak galdu eta maileguak jasotzen ez badituzu, ez larritu. Bezeroei adierazi, beren dirua gordetzeko toki seguru bat izaten jarraitu nahi badute, zorrak ordaindu beharko dituztela. Noski, gerta liteke haiek zure zorrak ordaintzeko prest ez egotea, baina lasai. Zure bezeroak pilotazale amorratuak izango dira seguruenik, eta partidetako esatariak ulertaraziko die ez dela zure zorra, dirua guztiena dela eta, beraz, guztiei dagokiela ordaintzea.

Oraingoan bai, orain eman duzu zure zirikada. Eskerrik asko kanpainan parte hartzeagatik eta gozatu zure gordeleku seguruan jasotako diruaz. Esan dizut ziztadak ematea baino interesgarriagoa, aberasgarriagoa eta eraginkorragoa izango zela; ederki sartu duzu ziria!

P.D.: zirikada hitza dator ziri luze eta lodi bat hartu, ipurtzulotik sartu eta orgasmoaren punturik gorenera iritsitakoan, kakaztutako ziri hura beste bati irentsarazteko ohitura zaharretik.

DESAKORDIOAK DESEGITEN?

By , 2012(e)ko maiatzak 26 11:48

Zalaparta handia sortu du Kontra saioko azken eztabaidak –EAJ-Amaiur: nork ez du akordiorik nahi?-, batez ere, Iñaki Larrañagak saioaren inguruko artikulua idatzi duenetik Zuzeu aldizkarian. Iruzkinak barra-barra, kritika zorrotzak eta independentziarako gogo biziak; hori da nik bertan ikusi dudana. Ni neu ere aritu naiz parte hartzen, baina oraingoan, luzeegi egingo zitzaidalakoan, blogean idaztea iruditu zait aproposena.

Irakurritakoak irakurrita, uste dut eztabaidaren muina hiru puntu zehatzetan zentratzen dela eta, hain justu ere, horiek aipatu nahiko nituzke eta nire iritzi umila eman.

1- Akordio estrategikoa vs. hauteskunde akordioa

Iruditzen zait batzuetan nahasi egiten direla eta, akordioaz hitz egiten denean, sarritan, ez da garbi geratzen bietako zeinetaz ari diren, ala bietaz ari diren, ala zer.

Independentziarako estrategia da akordatu beharrekoa, independentzia baita helburu: Euskal Herri burujabea eta demokratikoa. Horrek esan nahi du itunak hauteskunde lehiatik haratago joan behar duela, ezin dela horren menpe egon. Bestela, arriskua dago helburua independentzia izatetik espainiar erakundeek ahalbidetzen duten botere-kuota izatera igarotzeko, eta horrekin konformatzeko. Hori ez gertatzeko ezinbestekoa da akordio argi eta sendoa.

Argitu beharra dago horrekin ez dudala esan nahi, mugimendu taktiko bezala, ezin denik izan baliagarria botere-kuota hori, edota hauteskunde-akordiorik; oso baliagarria izan daiteke, baina beti ere estrategia zabalago baten barruan; independentzia, alegia.

2- Espainiar erakundeak vs. erakunde propioak

Badirudi salba ezinezko dikotomia sortzen dela gai honekin. Dena da zuria edo beltza: edo sistemaren barruan zaude, edo sistematik kanpo. Baina errealitatea ez da hain sinplea eta zurruna, askoz konplexuagoa da eta ñabardura asko ditu.

Honela, ez dut uste espainiar erakundeetan parte hartzeak euskal estatuari uko egitea -eta espainiarrari men egitea- esan nahi duenik, ez behintzat, bete-betean. Lehen aipatu bezala, estrategia argi bat -independentziarakoa, noski- ezarrita badago, mugimendu taktiko gisa oso baliagarria izan daiteke, batez ere, gizartea kudeatzeko zenbait baliabide eta ahalmen eskaintzen dizkigulako. Ados, mugatuak, baina ahalmenak azken finean.

Bestela, galdetu nahiko nieke erakunde -espainiar- horiei uko egitearen alde daudenei: Eta zein botere esparru erabil dezakegu independentzia gauzatzeko? Ba al dugu erakunde propiorik? Gizarte zibilak ba al du horretarako ahalmenik? Ezezkoan nago. Gainera, Eusko Jaurlaritzatik, adibidez, sustatu daitezke -ekonomikoki, sozialki- nazionalak eta propioak diren botere esparruak, besteak beste, Udalbiltza -politika egoki batekin, EITB ere izan daiteke Pako Aristik dioen pedagogia egiteko botere mediatiko eraginkorra-; eta horixe bada mugimendu taktiko ona, independentzia helburu duena.

3- Independentzia vs. erabakitzeko eskubidea

Azkenik, zenbaitek planteatu du erabakitzeko eskubidea eta oinarri demokratikoak baliatzea independentzia lortzeko pentsamendu kolonizatuaren zantzuak direla. Lehenik behar dela independentzia, gero demokrazia eta erabakitzeko eskubidea izateko.

Ados egon naiteke nolabait planteamendu horrekin, herri kolonizatu gisa independentzia da dagokiguna eta kitto. Baina zalantzak sortzen dizkit: nola lor dezakegu independentzia babes sozialik gabe? Nola lor dezakegu independentzia gauzatzeko beharrezkoa den babes soziala? Ez al da independentziarako argudio on bat -mugimendu taktiko bat, azken batean- proiektu independentistak gehiengo demokratikoa duela erakustea? Espainiar erakundeetan bada ere? Jakina, horretarako babes soziala dugula jakin behar dugu, edo babes hori sortu -lortu-. Horretarako bigarren puntuan esandakoa errepikatuko dut: pedagogia. Eta pedagogia egiteko beharrezkoak ditugu botere esparruak, kolonizatzailearenak izanda ere; horietaz balia baikaitezke geure helburuak lortzeko.

Honekin guztiarekin, uste dut nire iritziak eta zalantzak argi eta garbi adieraztea lortu dudala eta, espero dut eztabaidarako balioko dutela; iruzkinak egitera animatzen zaituztet, ea ondorio batzuetara iristerik dugun.

MODERNOA NAIZ ETA HARRO NAGO!

By , 2012(e)ko maiatzak 23 1:40

Harro nago, gatazkak kolpeka konpondu ordez, botoi gorriak sakatuz konpontzen ditudalako; gutxirekin nolabaiteko bakean bizi ordez, askorekin etengabeko lehia eta borrokan bizi naizelako; behar dudanarekin bizi ordez, behar ez ditudan gauzez gainezka bizi naizelako; eta premiak asetu ordez, behar ez ditudan premiak sortuz asetzen naizelako.

Harro nago, ura edaten dudan bakoitzean, pitxerra berriro bete ordez, zaborrontzia plastikozko botilez betetzen dudalako; gure ibaietako urak, edan ordez, plastikozko botilak egiteko zikintzen ditudalako; gure iturrietako ur zikinduak edan ordez, plastikozko botiletako ur miragarri garbiak edaten ditudalako; eta natur-gune pribilegiatu gutxi batzuk, ustiatu ordez, plastikozko botilez zikindu gabeko errekak ikusteko babesten ditudalako.

Harro nago, bizilagunekin auzolanean ibili ordez, munduaren beste muturrean borondatezko lanetan aritzen naizelako; nire ardurak, neure gain hartu ordez, jauntxo profesionalizatuen esku adituetan uzten ditudalako; herriko jauntxo xaloen aurka matxinatu ordez, diktadore mediatiko maltzurren kontrako sinadurak biltzen ditudalako; eta borrokalari baketsua izan ordez, bakezalekeria inozoaren defendatzaile amorratua naizelako.

Bai, modernoa naiz eta harro nago!

Baina, erne! Ez al gara jadanik post-modernitatean bizi? Zer ote da hori? Modernoa baino modernoagoa izatea? Edo… post-modernoa izatea, ez ote da izango modernoa izatea eta, gainera, horretaz harro egotea? Baliteke…

Orduan, post-modernoa naiz… eta harro nago!?

KEXATIEN GIZARTEAN

By , 2012(e)ko maiatzak 12 1:33

Aurreko batean, sutan jarri ninduen interneteko foro batean gertatutako pasadizo batek; euskaldunok kalean, lagunartean edota beste hainbat tokitan sarritan bizi izaten ditugun horietako batek. Oroitzen ez dudan web orri bateko foro bat zen, eta bertan, euskaldunak ari ziren euskaldunoi buruz -gure gaitzei buruz, zein arraroa!- hizketan, euskaraz. Halako batean, erdaldun -probokatzaile- batek bere diskurtso doilorra askatu zuen eta, bat-batean, euskaldun amorratu mordoa hasi zen kexa eta kexa, agian arrazoi osoz, baina erdaraz!

Ez al da paradoxikoa? Erdaraz aritzeagatik erdaraz kexaka. Noizko ahaztuko ditugu konplexuak? Beren jokoan sartzen gara eta nahi dutena lortzen dute, alegia, euskara balio gutxiko gauza bilakatzea, erraz alboratzekoa. Ez al dira haiek ulertzen ez dutenak? Zergatik sentitu geuk amorrua eta haserrea, haiek beharko luketenean sentitu jakin-mina edo lotsa? Euskaraz ez jakiteak sentiarazi beharko lieke zerbait -eztabaida, ezagutza…- galtzen dutela, eta horren ordez, harro sentitzen dira guztiek euskara baztertzea eta eztabaidarekin amaitzea lortu dutelako. Baina hori bai, euskaldunok kexa eta kexa, ez zaigu falta sekulako aldarrikapen politikoak botatzeko gaitasunik.

Kea belarrietatik zeridala, eta gertaera hori aitzakiatzat hartuta, gogora etorri zaizkit gure jendarteak jaso izan dituen izendapen ezberdinak -hala nola, “Informazioaren gizartea”, “Ezagutzaren gizartea”, “Kontsumo-gizartea”, “Arriskuaren gizartea”, eta abar luze bat-, eta beste izendapen bat otu zait: “Kexatien gizartea”. Iruditzen baitzait izendapen egokia izan daitekeela bizi dugun errealitatea deskribatzeko.

Izan ere, beti gabiltza kexaka: politikariak direla, sindikatuak direla, bankariak direla, enpresariak direla, gazteak direla, kapitalismoa dela, kontsumismoa dela, pobrezia dela, kutsadura dela… Amaigabea litzateke zerrenda, eta beti berdin, marmarka.

Eta argi gera dadila! Ni ez noa inori leziorik ematera, ezta soluzio magikoak proposatzera ere. Artikulu hau uler dadila autokritika gisan. Baina ez al zaudete eztarria urratzeaz nekatuta? Argi baitago kexatze hutsarekin ezer gutxi lortzen dela.

Azken batean, beti gaude defentsiban, kexaka, ea norbaitek konpontzen digun arazoa. Eta kexatzea ez dago gaizki, baina behin kexatuta, konponbideak bilatu behar dira. Ekintza erreaktibotik proaktibora igaro beharra dago -zein hitz “potoloak”-. Baina badirudi nahiago dugula dena bere horretan utzi, eta errealitateari bizkar emanez bizi; kexatu eta, bizimodua -jarrerak, jokaerak, pentsaerak- ez aldatzearren, bestaldera begiratu. Hori bai, erosoagoa bada.

Bukatzeko, argi pixka bat tunelean: badira errealitate berriak eraikitzeko ahaleginetan daudenak ere. Euskarari dagokionez, esaterako, Zuzeu aldizkarian ikusi ahal izan ditut jarrera berriak, konplexurik gabeak eta norberaren esku daudenak -eta beraz, erraz gauzatzekoak-; hain zuzen ere, betiko jarrera zaharkituez nazkatuta, artikulu hau idaztera animatu nintzenean, kasualitatea! Beste adibide bat Basherriak ekimena da, kexa eta aldarrikapenetatik haratago, kontsumo-bide berriak jorratuz dabilena. Eta azkenik, ez dut aipatu gabe utzi nahi Munduari so blogean ikusi berri dudan hitzaldia; oso interesgarria. Pako Aristirena da eta, funtsean, gai bera darabil bere ahotan, hau da, kexatu ala sortu.

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu